Edukira joan

Goierriko Hitza

Zerain
2008ko urriak 8, Asteazkena

;2008-06-04;GIZARTEA. Igandean ospatuko dute Zerainen Gipuzkoako Eskola Txikien XXI. Festa

Igandean ospatuko dute Zerainen Gipuzkoako Eskola Txikien XXI. Festa

Zerain 10:00etatik 18:00etara bitartean hainbat ekitalditan parte hartu ahal izango dute bertaratutakoek, jai giroan.

estitxu imaz

Igandean, ekainak 8, goizeko hamarretatik arratsaldeko seiak bitartean Gipuzkoako Eskola Txikien Festaz gozatzeko aukera izango da Zerainen. Adin desberdinetako jendeari, baina batez ere haurrei zuzendutako egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Horrela adierazi zuten atzo Izaskun Carrera Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen lehendakariak, Jon Zubiarrain Gipuzkokao Eskola Txikietako Guraso Elkarteen lehendakariordeak eta festaren arduradunak, eta Enara Sodupe eta Aloña Elortza Zeraingo bi gurasok Zeraingo Maixunen egindako agerraldian.

Festa Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik lelopean antolatu dute. Elortza guraso zeraindarrak leloarekin bat eginez «Eskola Txikiak herri eta auzo txikietako arimak» direla esan zuen. Gipuzkoan guztira 26 Eskola Txiki daude, eta urtero ospatzen dute jaia. «Indarrak batu eta guztiek batera ondo pasatzeko hitzordua da datorren igandeko jaia, baina helburu bakarra dute han elkartuko direnek: eskola txikien handitasuna indartzea», zioen Elortzak.

Eskoletatik txikiena

Zeraingo Eskola Eskola Txikien Koordinakundean sartuta dauden eskoletatik txikiena da: bederatzi ikasle dauzka aurten. Baina ikasleak, gurasoak, irakasleak eta herritarrak buru-belarri ari dira lanean jaia antolatzen. 25 urteko ibilbidea du Zeraingo eskolak. 1980ko hamarkadaren hasieran Zerain biziberritzeko herritarrek egindako lanaren fruituetako bat da. Herriak bizia izan zezan, herrian eskola izatea beharrezkoa zela konturatu ziren herritarrak, eta horrelaxe sortu zuten.

Eskola txikiak, «modernoak eta kalitatezkoak»

Gaur egun Zeraingo eskolak gainerako Eskola Txikiek dituzten antzeko ezaugarriak ditu. Izaskun Carrerak adierazi zuenez «neurriz txiki izateak eta adin askotako ikasleek gela berean ikasteak desberdintzen ditu. Baina ezaugarri hori onura bilakatu dute bertako ikasle, irakasle eta gurasoek. Egun Eskola Txikiak modernoak dira, kalitatezkoak eta aurrerakoiak metodologikoki».

Eskola herrian bertan izateak haurren hezkuntzan eta herriko bizitzan eragina duela nabarmendu dute. «Herri baten altxorra bertan bizi diren pertsonak dira, eta horien artean, zer esanik ez, haurrak. Globalizazioa munduaren jaun eta jabe den honetan, Eskola Txikiek inoiz baino zentzu handiagoa dute geure herrien eta herritarren identitatea eraikitzeko tresna garrantzitsu eta ezinbestekoak dira», adierazi zuen Carrerak atzo Zerainen.

Eskola Txikien garrantzia azpimarratzen duen abestia ere egin dute aurten. Pirritx eta Porrotx pailazoek Zeraingo haurrekin eta gurasoekin batera igandean aurkeztuko dute prestatutako lana.

Gipuzkoako Eskola Txikien festan orain arte urtero abesti berri bat egiten zuten, eta hemendik aurrera bakarra izango da, Eskola Txiki guztien ereserkia izango dena, hain zuzen.

Lehenago Ereñotzu, Asteasu eta Igeldoko jaietan erabilitako abestia egokitu dute. Abestiaren errepika Ereñotzuko Aritz Zerain bertsolariak sortu zuen 2002an. 2003an Bernardo Atxagak abestiaren lehen bi bertsoak egin zituen, eta doinua Joseba Tapia trikitilariak jarri zion, 2006an, Igeldon. Aurten Zeraingo Ion Muñoak bi bertso gehitu dizkio kantuari.

Grabaketa Zeraingo haurrek eta gurasoek egin dute, Pirritx eta Porrotx pailazoekin eta Zaldibiako Musika Eskolako haurrekin elkarlanean.

############

############

abestia

Eskola Txikiak Geroaren Bila

Eskola txikiak

herri eta auzo,

geroaren bila

pausorikan pauso.

Batzuetan hobea

izatea txiki

Daviden historia

edozeinek daki.

Txepetxa bera ere

txorietan txikiena.

Polit askoa da

Inbidi(a)rik ez du(e)na.

Eskola txikiak

herri eta auzo,

geroaren bila

pausorikan pauso.

Baserri ta kaleak

denak loraturik,

eskola txikiak

badaude bizirik.

Denok elkarrekin

dezagun kantatu

txikia ez dezaten

inoiz ezkutatu/ ez, ez ezkutatu.

Eskola txikiak

herri eta auzo,

geroaren bila

pausorikan pauso.

############

Agenda

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ikastaroa

Areto-dantza ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Jubilatuen egoitzan - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.