
Zeraindarrek ia dena prest dute Eskola Txikien jairako
Zerain Bihar 10:00etan puntuan emango diote hasiera festari, eta 18:00ak bitartean ekitaldi askotan parte hartu ahal izango da.
estitxu imaz
Bihar hartuko du Zerainek Gipuzkoako Eskola Txikien festa, eta herritarrek gehiena prestatuta dute jada. Gaur goizerako daude geratuta festa egingo den lekuari azken ukituak emateko. Urte osoan zehar 70 lagun inguru ibili dira lanean, eta egunean bertarako 125 pertsona daude izena emanda.
Aurreko urteetako festak oinarri hartuta 1.500-2.000 lagun espero dituzte Zerainen.
Antolatzaileen hitzetan jaiari 10:00etan puntu-puntuan emango diote hasiera. Sarrera eta ongietorria umeekin batera egingo dute plazan, eta ondoren abestiaren aurkezpena egingo dute.
Gero adin desberdinetako haurrei zuzendutako jokoak egingo dituzte plazan eta pilotalekuan. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, «goizeko joko antolatuak Gipuzkoako Eskola Txikietako haurrentzat prestatuak daude soilik, ume kopuruan eta lekuan arazorik ez sortzearren». Gainerako ekitaldiak edozein parte-hartzailerentzat irekiak dira.
Bazkaria, frontoian
Eguerdiko ordubietan 409 lagunentzako bazkaria emango dute Zeraingo frontoian. Bertan bazkalduko ez dutenek, ordea, izango dute mokadutxoa egiteko aukera, herrian zehar hainbat eremu egongo baitira, ogitartekoak, pintxoak eta oilasko errea jateko. Festako elastikoak eta abestiaren CDa ere erosi ahalko dira Zerainen.
Arratsalde partean, 16:30ean, ekintza libreetan ibili eta gero, zeraindarrek Berrobiko eskolakoei pasatuko diete lekukoa, datorren urtean Tolosaldeko herri horretan egingo baitute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa.
Ondoren, festarekin jarraitzeko, Pirritx eta Porrotx pailazoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango du. Bukaera berezia emango diote jaiari: Zeraingo haurrek eta gurasoek Pirritxekin eta Porrotxekin abestu eta dantza egingo dute.
############
egitaraua
10:00. Sarrera eta ongietorria umeekin plazan. Izaskun Carrerak abestia aurkeztuko du.
10:45-13:00. Jokoak 10:45etik 12:00etara. Herriko plazan 2-3 urteko haurrak. Pilotalekuan 4-5 urteko haurrak eta 1. mailakoak. Bitartean 2. mailatik 6. mailara artekoek ekintza libreetan ibiltzeko aukera izango dute. 12:00-13:00: pilotalekuan 2. mailatik 6. mailara artekoak. Bitartean 2 urtetik 1. mailara artekoek ekintza libretan ibili ahalko dute.
Ekintza libreak. Erakusketa, puzgarriak, asto-busak, animaliak, kazetaritza tailerra, tirolata eta trikitia. Egun guztian zehar museoa eta diaporama, kartzela eta meategiak bisitatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
14:00. Bazkaria.
16:00-18:00. Ekintza libreak.
16:30. Berrobikoei lekukoa pasatuko diete. Pirritxen eta Porrotxen ikuskizuna. Bukaeran Zeraingo haurrek eta gurasoek bi pailazoekin batera abestu eta dantzatuko dute.
18:00. Festaren bukaera.
Igandean. Gipuzkoako Bola txapelketa ere egingo dute.
############
Irteera
Mendi irteera Ataungo Txutiturrietara
BEASAIN, Aitzgorri Mendizale Elkartea - 2008-10-12
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.