
Gizartea ðð Gipuzkoako Eskola Txikien XXI. Festan jende asko bildu da Zerainen; gurasoen begiradapean joko eta ekintza libre askotan ibili dira umeak; lekukoa Berrobikoei pasatu diete.
Eskola Txikiak bizi-bizirik
estitxu imaz
Biharamuna Zerainen. Bertako haur, guraso eta irakasleengan nekeak arrastoa utzia du, baina hori baino zerbait gehiago ere islatzen da euren aurpegietan: Gipuzkoako Eskola Txikien festa «oso ondo» atera izanaren poza eta horrek emandako indarra.
Aurreko egunetan egindako euri jasek igandean ere jarraipena izango zuten beldurrarekin esnatu ziren zeraindarrak. Hasieran itxura tristea bazuen ere, 10:00etarako atertu egin zuen eta laster hasi ziren Zeraingo plaza eta inguruak jendez betetzen. Guztiek egun ederra pasatzearekin batera Eskola Txikiak «modernoak, kalitatezkoak eta aurrerakoiak» direla adieraztea zuten helburu. Eta horrekin batera herri eta auzo txikiak bizirik mantentzeko berebiziko garrantzia dutela aldarrikatzea.
Goizeko hamarrak eta laurdenetan ongietorri ekitaldiari hasiera eman zioten, haurrekin, plazan. Zeraingo herri eskolan 25 urtean ibilitako adin desberdinetako pertsonek taula gainera igo eta banaka bakoitzarentzako eskola izan zena adierazi zuten hitz banatan. Gipuzkoan dauden 26 Eskola Txikien datuak ere eman zituzten gero: zenbat biztanle dituen herriak, Eskola Txikia noiz sortu zen, zenbat ikasle eta irakasle dituen... Ekitaldia Kontxi Errastiri, 25 urtez Zeraingo herri eskolan irakasle izan denari, omenalditxo txiki bat egiteko ere aprobetxatu zuten. Berak egindako lana eskertzeaz gain lore sorta eman zioten haurrek. Errastik ez zuen espero halakorik, eta hunkituta jaso zuen ikasleen eta herrikideen gorazarrea.
Ekitaldiari bukaera emateko, espero bezala, aurrerantzean Eskola Txikien ereserkia izango den abestia kantatu zuten.
Haren ondorenetik adin desberdinetako haurrei zuzendutako jokoak egin zituzten Zeraingo plazan eta pilotalekuan. Makarroiekin lepokoak egiten, aurpegia margotzen, karetak egiten, muralak egiten, sokatiran...ibili ahal izan zuten haurrek.
Jokoez gain hainbat ekintza libre ere prestatu zituzten antolatzaileek. Kazetari lanetan jarduteko aukera izan zuten, besteak beste, haurrek. Maixune eraikinean bi ordenagailu zeuden horretarako prestatuta. Haurrek festan ikusi eta bizitakoarekin Berria egunkariko azal bana egin zuten. Eurei laguntzeko bertan egon ziren hiru lagun, goiz eta arratsalde.
409 lagunentzako bazkaria
Erramun Amondarain ordiziarra eta Segurako hainbat laguntzaile aritu ziren 409 lagunentzako bazkaria prestatzen. Helduentzako langostinoak, mariskodun paella, entrekota perretxiko saltsarekin eta ijito besoa zeuden menuan. Haurrek, berriz, paella, solomoa eta izozkia jan zituzten.
Frontoian bazkaldu ez zutenentzat oilasko errea, ogitartekoak eta pintxoak jateko eremu ugari zeuden herrian bertan. Inor ez zen goserik geratu.
Arratsaldean Berrobiko herri eskolakoei pasatu zieten lekukoa zeraindarrek, datorren urtean Gipuzkoako Eskola Txikien festa han egingo baita. Pirritx eta Porrotxek ere ikuskizun alaia eskaini zuten. Bi pailazoekin batera Eskola Txikien abestia kantatu zuten Zeraingo haur eta gurasoek. Makina bat dantza ere egin zuten.
Festa behin bukatuta, larunbatean esker oneko afaria egingo dute Zerainen, 20:30ean. Pirritx eta Porrotx pailazoak, lanean aritu diren pertsona guztiak eta zeraindarrak daude gonbidatuta.
Musika
Aitor Furundarena
LAZKAO, Maizpideko zinema aretoan - 2008-08-20
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.