Edukira joan

Goierriko Hitza

Zerain
2008ko urriak 8, Asteazkena

;2008-07-15;GIZARTEA. Zozoak beleari... ipurtzuri

Zozoak beleari... ipurtzuri

Zerain Urtea baino gehiago da Zerainen zozo zuria ikusi zutela; orain zozokumeak izan ditu, baina ez dira zuriak.

estitxu imaz

Ohituta gaude gure ingurunean hegazti ugari ikusten. Zozoa da horietako bat. Sarritan bisitatzen dituzte zelaiak eta baratzeak jan bila. Beltzak izan ohi dira Goierrin ikusten direnak, eta ez zuriak. Bestelako kasua da Zeraingoa. Urte bat baino gehiago da herritarrek zozo zuria ikusteko zortea dutela.

Zeraindar batek dioenez zozo zuriaren ama ere pintoa zen. Orain ama izatearen esperientzia berak probatu du. Zeraingo Mendi baserriaren inguruetan errun zituen arrautzak. Denboraldi batean arrautza horiek berotzen aritu eta gero, arrautza-oskola mokoarekin urratu eta zozo kumeak nola irtetzen ziren ikusi ahal izan zuen.

Azti zeuden zeraindarrak arrautzatik zer jaioko. Baina zozo zuri protagonistaren kumeek ez dute nonbait amaren antzarik ekarrik ez kolorean behintzat. Berari ez zaio inporta ordea, eta maitasun osoz zaintzen ditu.

Izaki bizidun guztien antzera zozoak elikagaiak behar izaten ditu bera eta kumeak elikatzeko, eta herrian zehar ibiltzen da jan bila. Tarteka Koldo Aizpeolea zeraindarraren etxe inguruan agertzen zen alboko gerezi arbolari fruituak lapurtzeko. Argazkia ateratzeko ere aprobetxatu zuen zeraindar gazteak. Zozo zuria eta bere kumeetako bat harrapatu zituen irudian. Aizpeoleak adierazi duenez «orain gutxiago etortzen da hona, gerezirik ia ez dago eta».

Orain Aizpeolearen etxe ingurutik igaro arren ez du bertan geldialdirik egiten. Ez normalean behintzat. Zuzenean goiko baserriko baratzera joaten omen da elikagai bila.

Elikagaiak bilatzeaz gainera hegazti ama gehienek bezala bere txikiei hegan ere erakutsi beharko die, horretarako adinean daudenean.

Behin handitzen direnean bakoitzak bere bidea hartuko du eta bizirik bada behintzat esperientzia errepikatzeko aukera izango du zozo zuriak. Ea hurrengo kumaldi batean beste zozo zuririk jaiotzen den.

Zeraindar asko azti izango ditu hegaztiak, jada bertako bezala hartu baitute.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.