
Azpiegiturak ðð Zeraingo Aizpeko meategiak monumentu multzo izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak; inguruan «ukitu gabe» mantendu dira garrantzi handiko zenbait elementu.
Meategiak monumentu
erredakzioa
Zerain Parke Kulturalak eskaintza zabala du. Duela hamabost urte hasitako bideak bere emaitza eman du. Horri esker gaur egun Zerainen bi nekazalturismo, bi sagardotegi, aterpetxe bat, bi jatetxe, artisautza eta kalitatezko produktuen denda eta Kalitatearen Qa lortu duen Turismo Bulegoa daude. Jan-edanak eta lo lekua ziurtatu eta zenbait erosketa egiteko aukera emateaz gain, herriko ondare kultural historikoa bisitatu ahalko da: Herri Museoa eta diaporama, Larraondoko zerrategia, kartzela, Andre Mari Jasokundearen eliza, bolatokia, San Blas ermita, dolmenak, eta nola ez, Aizpeko meategia.
Duela gutxi, uztailaren 1eko 126/2008 dekretuan, meategiak Sailkatutako Kultur Ondare gisa deklaratu zituen Eusko Jaurlaritzak, Monumentu Multzo izendapena emanez.
Dekretuan agertzen denez, Zeraingo Aizpeko meategietako ondare multzoa «ikaragarrienetakoa» da, ez Gipuzkoan bakarrik, baita Euskal Herri osoan ere.
Meategietako jarduna bertan behera geratu zenetik instalazioek ia osorik iraun dute, eta gaur egun meategietan «balio ukaezineko egitura interesgarriak» daude.
Iraganeko meatzaritzaren aztarnak
Aizpea, Aitzurdin, Basaltegi eta Amizal aldeetan iraganeko meatzaritzaren aztarna garbiak daude. Mea ateratzeko jarduerak aldaketa sakonak eragin zituen paisaian, eta hura bukatu zenean landaretzak hartu zituen bazterrak. Inguru horretan, antzinatik, aire zabalean edo galeriak zulatuz erraz atera zitezkeen material asko zegoen, meatzaritzarako toki aproposa.
Babestutako elementuen artean mea gordinaren aska eta deskarga gunea, hiru kiskaltze labeak, kiskalitako mearen kargalekua, aireko kablearen goialdea, aireko jatorrizko kablearen hasierako egiturak, erregai biltegia, meategiko sarrerak, arrapala, ingelesen eta alemanen trenbideetako zelaiguneak, alemanen trenbidearen biraketa plataforma, tobera eta aireko kablearen pilareak daude.
XI. mendetik burdina ustiatzen
Aizpeko meategietan XI. mendetik atera izan da burdina. Ustiaketa horren ondorioz paisaia berezi bat garatu da, burdinaren lurretakoa.
Aizkorri Aratz Parke Naturalaren barruan, 150 hektarea zabaletan, mendeetan zehar burdina ustiatzeko erabili ziren teknika desberdinen inguruko aztarnak aurkitu daitezke bertan. Horri inguruari lotutako ekosistema gehitu behar zaio. Aizpeak gaur egun duen paisaia gizakiari zor zaio, berak moldatu du mendiak dauzkan osagarrien eta alderdi ekologikoen gainean.
Aizpita Adieraztegia
Zeraindarrek eurek adierazi dutenez 2008ko martxoaren 8a «aspalditik amestutako eguna» izan zen Zerainentzat, Aizpita Adieraztegiak herritarrentzat bere ateak ireki baitzituen. «Historikoki hitz egitean betidanik Aizpeko meategiak izenarekin ezagututakoa Burdinaren Mendiarekin bataiatu genuen, eta Aizpita Adieraztegiarekin garai berri bati hasiera eman zitzaion».
Interpretazio zentroak zeraindarren garai bateko bizimodua azaldu nahi du. Beti nekazaritzari eta artzaintzari lotuta egon den herri horretan lurrari lotutako lehengaiak (egurra, ikatza, karea, burdina, beruna, harria...) ustiatzen jakin izan dute.
Izenak berak dioen moduan, interpretazio zentro hori zeraindarren paisaiaren historia ezagutu nahi dutenentzako da. Aizpeko Burdinaren Mendiaren ikurra da, nolabait esateko. Bertako historiaren hiru maila adierazi nahi dira bertan: lehenengo, mendi horretako ingurunearen bilakaera; bigarren, burdinaren ustiaketa, eraldaketa eta esportazioa; eta, hirugarren, meatzearen ustiakuntzaren eragin ekonomikoa eta soziala.
Hiru maila horiei buruzko informazioa lortzeaz gain Manuel Labordaren bildumaren zati bat ikus daiteke bertan. Labordak bere garaian osatutako bilduma Zerainen bertan eraiki zuen etxetxo batean jarri zuen. Gerora Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bilakatu da, eta gaur egun berriz Zerainen dago bildumaren zati bat. Bestalde, sistema interaktibo bidez bilduma osoa kontsultatzeko aukera ere badago.
Aizpita Adieraztegiaren bisitaldiari herritarren argazkiarekin ematen zaio bukaera, «herritarren parte-hartzeari esker lortu baita proiektu hori burutzea».
Hitzaldia
Hitzaldia: "Ogia eta taloa Ataunen, herri borrokarako gaiak"
ATAUN, Udaletxean - 2008-10-08
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.