
Herenegun Aita Silva, Benposta eta 'El Circo de los Muchachos' egitasmoen sortzailea Idiazabalgo udaletxean izan zen, besteak beste, Venezuelan egiten ari diren komunitatearen berri emateko.
Beste mundu bat posible da
estitxu imaz
Benposta duela 52 urte jaio zen Ourensen (Galizia). Bere sortzaileak, Aita Silvak dionez, «amets batetik jaio zen eta pixkanaka errealitate bihurtuz joan zen». Herenegun, Aita Silva Idiazabalgo udaletxean izan zen Benpostari buruzko azalpenak eman eta Venezuelan duten komunitateari buruz hitz egiteko. Berarekin batera ziren Miguel Castro eta Lidia Gonzalez idiazabaldarrak ere. Biek bat egiten dute Benpostaren helburuekin eta azaroaren 2an Venezuelara joango dira.
Benposta konponbiderako eta aldaketarako gazteen mugimendu bezala jaio zen, baina gerora beste dimentsio bat hartu zuen. Aita Silvak behin Ourenseko haur batzuei, hiri hura gustatzen ez bazitzaien eurak berri bat sortzeko esan zien. Eta handik sortu zen guztia. Aita Silvari, Benpostaren sortzaileari, bere amak finka bat oparitu zion, A Ben Posta (ondo jarria galizieraz) izenekoa. 150.000 metro koadro zituen. Aita Silvaren hitzetan «ni ohartu nintzen huraxe zela hain zuzen ere, lehendabiziko haurrei agindu niena. Beste mundu bat, ondo jarrita dagoen mundu bat posible dela esaten nien, daukaguna oso gaizki baitago, eta eurek egin behar zutela mundu hori».
Finka horretan hiri bat sortzeari ekin zioten eta orduan sortu zen Benposta La Ciudad de los muchachos. Egun, Benpostak hainbat hiri edo komunitate ditu munduko zenbait lekutan, Europa, Afrika, Asia eta Amerikan. Sortzen ere ari dira batzuk, Venezuelakoa kasu.
Kontzepzio iraultzailea
Benposta munduaren aldaketarekin konprometituta dauden gazteen komunitatea da. Aita Silvaren iritziz «Benpostarena kontzepzio iraultzailea da, pedagogikoa, sozialista, aurrerakoia eta kristaua. Baina guzti horrez gainera, bere eginkizuna munduan haurtzaroak bizi duen egoera gaitzestea da. Izan ere 50 milioi haur hiltzen baitira gosez edo sendagarriak izan daitezkeen gaitzek jota».
Benpostan autogobernatutako hiriak eratzen dituzte pixkanaka. Bertan eskolak daude, haurtzarotik hasi eta unibertsitatera arteko ikasketak egiteko aukera ematen dutenak. Ourensen esaterako, hiri oso bat dute jada eratuta. Euren irratia eta telebista lokala ere badituzte. Eta bertan bizi eta hezitzen dira haurrak.
Ourensen zirko-eskola ere antolatu zuten. Aita Silvaren arabera «zirkoa espektakuluaren munduaren oinarria da. Esfortzua suposatzen du eta bestalde, lengoaia unibertsala du. Zirkoa munduko edozein lekutan egin daiteke, guztiek ulertzeko moduko zerbait da, komunikatzeko erraza».
Zirkoarekin Pakerako piramideak eta etorkizunerako saltoa ikuskizuna sortu zuten. Ikuskizun horrekin bost kontinenteetako 80 herrialde igaro zituzten, arrakasta handia lortuz.
Zirkoan egiten duten piramideari garrantzia handia ematen diote, ikuskizunari izena emateraino. Zirkoan pertsonez osatutako piramidea egiteko garaian indartsuak behean jartzen dira, indargabeak goian eta haurrak berriz tontorrean. Zirkoan ezinezkoa da piramide bat egitea, indartsuenak goian eta indargabeak beheran jarrita. Erori egingo litzateke. «Hori da zoritxarrez gure munduan politikoek, bankeroek eta enpresarioek egiten dutena. Horien piramidean indartsuenak goian daude eta indar gutxiena dutenak beheran. Guk sortu nahi dugun beste mundu horretan zirkoan bezalako piramide bat egingo genuke» dio Aita Silvak.
Benpostako komunitate guztietan ez dago zirko eskolarik. Baina bai arte eskolak. Benpostako leloa: jangoikoa, buruarekin, eskuekin eta besteekin batera pentsatzen ikasi da. Benpostako haurrek egunero bost ordu igarotzen dituzte eskolan. Ordu horietatik kanpora ez dute libururik ukitzen. Bi orduz esku lanak egiten dituzte eta gero hiru ordu igarotzen dituzte gorputzarekin pentsatzen ikasteko. «Komunikazioa hitzekin bakarrik ez da ematen. Zerbait sortzeko gai dena komunikatzeko gai da».
Aita Silvak haur asko ikusi ditu hiltzen. Gaur egungo gizartea «oso ondo ez dagoen arren» bere ustez posible da mundu berri bat egitea. Bolivia, Cuba, Ecuador, Nicaragua eta Venezuelaren adibideak jartzen ditu. «Herrialde horiek ikuspegi aurrerakoia dute, sozialista. Ez baitago demokraziarik, justiziarik eta askatasunik sozialismorik gabe. Ez dago bizitza kristaurik, sozialismorik gabe».
Idiazabalgoak Venezuelan
Idiazabalgo Miguel Castro Aita Silvaren haurretako bat da. 6 urte zituenetik aurrera Ourenseko Benpostan bizi izan zen. Gero Benposta Madrilera joan eta bertako alkate izatera iritsi zen. Handik Euskal Herrira etorri ziren bizitzera, baina Aita Silvarekin eta Benpostarekin harremanetan jarraitzen du.
Miguel Castro eta Lidia Gonzalezek Venezuelara bidaiatuko dute azaroaren 2an. Hamabost egun pasatuko dituzte, Benpostak Venezuelan dituen komunitateak bisitatuz. Hura ezagutu nahi dute orain, baina helburu nagusia, datorren udaran boluntario moduan hara lanera joango diren pertsonen talde bat sortzea da. Venezuelako Benpostako komunitatean etxebizitza batzuk eraiki nahi dituzte, besteak beste.
Hitzaldia
EHU/UPV-ren aurkezpena
LEGAZPI, Kultur etxeko areto nagusian - 2008-12-02
Ikastaroa
Garaiko produktuekin sukaldean aritzeko ikastaroa
ORDIZIA, Ordiziako Itxaropena elkartean - 2008-11-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.